Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb
Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb Ir al inicio Ir a contacto Ir al mapaweb
Ramón Rubial: Historia y Memoria
 
   
4.1    Espetxetik bizitza klandestinora

4.2    Barruko alderdiaren eta erbestearen arteko lotura

4.3    Ramon eta Emilia, bi baino askoz ere gehiago

4.4    Berriz ere errepresioa

4.5    Sevillako taldea eta unibertsitateko gazteak

4.6    Ezker zaharraren eta berriaren arteko zubia

4.7    "Pablo ezagutu nuen…" Rubial mitoa jaio da
  4.7 "Pablo ezagutu nuen…" Rubial mitoa jaio da
 

Ramon Rubialek Pablo identitarearen pean erakutsitako konpromisoak eta egindako borrokak berarekin nolabaiteko tratua izan zuen inor ez zuen utzi ez bero ez hotz. Ramonek bere kausarekiko konpromiso unibertsala kutsatzen zuen eta hari esker bere ingurukoen begirunea lortu zuen, baina baita bere etsaiena ere:

"Askotan entzun nien aitari eta inguruko guztiei berari buruz hitz egiten. Gizon mitikoa zen, barruan eta kanpoan errespetatzen zuten, eragin moral handia zuen eta ezbeharraren aurrean tinko eusteko gaitasun ikaragarria zuen. Ramonen meritua ez zen izan hainbeste urtean espetxean egon izana; izan ere, berak esaten zuen bezala, inoiz ez zen borondatez joan. Bere meritu ikaragarria izan zen hartatik sendo ateratzea eta organizazioaren erantzukizuna bere gain hartzea berrogeita hamarreko urte latz haietan, bere askatasuna eta bere familiako bizitza sakrifikatzeko prest… Egoerarik zailenetan izaeraz irmoa zen eta beti oreka pertsonal handia erakusten zuen". Nicolas Redondo (UGTren idazkari nagusi ohia)

"Kutsu politikoa eta gizatiarra duen Ramonen oroitzapen bat daukat. 1948an, Parisera iritsi nintzenean –hamaika urte nituen–, pertsona-talde bat zegoen, eta bertan zeuden Jose Rubial, Paula –Bilboko emakume bat–, Exposito… Han jakin nuen haietako bat Pabloren aita zela, hau sozialismoaren benetako sinboloa zela erbesteko beteranoentzat, prietista zela, espetxean zegoela eta Alderdiaren barruko oinarria zela… Ordutik oso gogoan dut Pablo haren irudi nolabait ere mistikoa, hainbeste mirespen-lekukotzek idealizatu izan zutena. Eta caballeristas deitzen zirenek ere –nire aita hala zen, eta Exposito ere bai, beste askoren artean–, prietistak ikusi ere egin ezin bazituzten ere, Ramon defendatu egiten zuten. EAJkoek ere maite zuten… Aurrez aurre ezagutzen ez bagenuen ere, gazteok imajinatu egiten genuen nolakoa zen, gure garaiko Pablo Iglesias izan balitz bezala". Carmen García-Bloise (PSOEko organizazio-idazkari ohia)

"Erbesteko alderdikideen artean izen handia zuen. Hemengoen eta erbestekoen aho batezko begirunea lortu zuen. Espainian, eta inork ez du zalantzan jartzen hori, Alderdia osatzen zuten guztien artean izen handieneko pertsona zen. Buruzagi eztabaidaezina". Joan Vives García, Palmero (1956-67an klandestinitateko PSOEren Probintzia Exekutibako idazkaria)

"Frantzian egiaztatu ahal izan nuen Pablo gogoangarriaren garrantzia ikaragarria zela erbestean. Herstura eta irmotasuna afektu-gaitasunarekin bateratzen zituen, sendotasuna hersturarekin, inteligentzia politikoa intuizioarekin, eta horrek guztiak bihurtu zuen legenda erbestean". Enrique Mugica (Espainiako Gobernuko Justizia Ministroa, 1988-91)

"Frankismoaren azkeneko urteetan atxilotzen zutenean, Larrinagan zegoen jende guztiak begirune izugarria erakusten zion. Komunistek, nazionalistek… Bere iritziak begirunez hartzen zituzten preso politiko guztiek, baita ETAko militanteek ere, garai hartan oraindik ez baitzieten gauza guztiei hor konpon egiten. Inori ez zion uzten preso gisa egitea egokitzen zitzaizkion lanak bere ordez egiten –ontziak garbitu, gelak edo ziegak txukundu edo beste edozein lan–, nahiz eta besteek behin eta berriz esan ez egiteko. Eta ez zuen horrela jokatzen harrokeriaz, indartsu eta solidario sentitzen zelako baizik. Aholkua eskatzen bazitzaion, beti egoten zen emateko prest, paternalismorik gabe eta inolako harrokeriarik gabe. Funtzionarioek eta zuzendariak berak begirune handia zioten. Bilboko poliziaren buruzagi gorenak ere errespetatu egiten zuela esan zion, baina atxilotu egiten zuen…!". Eduardo Lopez Albizu, Lalo (Rubialen laguna eta PSOEren finantzen arduraduna klandestinitatean)

"Frantzian Jose Mata gerrillari asturiar mitikoak aurkeztu zidan. Honako hau esan zidan: «Sozialismoaren benetako saindu bat aurkeztu behar dizut. Zeruan saindurik badago, honek han egon behar du. Gizon honek, ideia sozialistengatik, garai guztietan, sufritu duen guztiarekin, ongi merezita du zerua… Ez da erraza izango Pablo Iglesiasen antza Pablok baino gehiago duen beste inor aurkitzea…». Ramon ezagutzeak zirrara eragin zidan; izan ere, ni bezalako jendeak, maila politiko jakin bat ez dugun jendeak, ideiekin eta ideientzat, ihesbiderik gabe, bizi garenontzat funtsezkoa den zerbait aurkitu nuen berarengan: entzun eta hitz egingo dizun norbait…" Pablo García (Lavianako (Asturias) alkate sozialista ohia)


"Gela eroso eta atsegina prestatu zidan Erandion, Paleu lagunaren etxean, eta honako hau esan zidan: «Zu hemengoa zara eta ibaiadarreko beste gabarrari bat izango bazina bezala jokatuko duzu Frantziara pasatzen zaitugun bitartean». Eta, halaxe egin zuen, berak lagundu zidan, Emiliarekin batera, mugako pasabide batera Bera Bidasoatik. Ramon Rubial, Jose Barreiro bezala, sozialismoaren ideialen eta askatasunaren aldeko borrokalari nekaezina izan zen. Bere giza dimentsioarengatik bihurtu zen adinez bera baino gazteagoak ziren sozialista guztien maisu espirituala". Avelino Pérez (FSAko militantea klandestinitatean)

 

 
 
Ramon y Cajal Etorbidea, 2 BIS- 3ª solairua 5 Depart. - 48014 BILBO ·Tel-zenbakiak: 94 476 38 11 - 94 476 39 159 15
Ir al inicioIr a contactoIr al mapaweb